Eskolaren Zergatia

Txirrindularitza-eskola kirola eta hezkuntza uztartzen dituen proiektua da, eta xede du eskola-adinean dauden haurren artean bizikletaren erabilera eta kirola sustatzea.

Ikasleei txirrindularitzaren inguruko prestakuntza emango diegu (bide-heziketa eta -segurtasuna, teknika, trebetasun motorrak, oreka, elikadura, entrenamendu fisikoa, etab.). Prestakuntza integrala emango diegu, azken batean pertsonak prestatuko baititugu, balioetan oinarritutako hezkuntzaren bidez: nork bere mugak gainditzeko gogoa, konpromisoa eta iraunkortasuna, taldeko lana, arau eta kideenganako errespetua, banakako eta taldeko erantzukizuna, kide eta lagunekiko harreman ona.

Azken helburua da kirolarekin eta jarduera fisikoarekin lotutako ohitura osasungarriak ezartzea bizi osorako.

Norentzat da?

Eskola-adinean dauden haurrentzat: 

Benjamin aurrekoak (2016-15), Benjaminak (2014-13)             Kimuak (2012-11)                   haurrak (2010-09).

Kadete, gazte edo halako kategoriaren batean bazaude, Elkarteko lehiaketa-taldeak urtarrilean irekiko du izena emateko epea. Kirol federatuak askotariko txapelketa, data eta entrenamenduak eskaintzen ditu eskola-kirolaren barruan. Lehiaketa-taldean plangintza zehatzagoa eta teknifikazio-saio espezifikoagoak izango dituzu.

Zer jarduera egingo dira?

Irteerak Lemoa inguruko bidegorri eta mendi-bideetan, moutain bike zirkuitua (skill park), punk track denboraldiko lehen hilabeteetan.

Martxotik aurrera, Bizkaiko Txirrindularitza Federakundeak proposatutako probetan parte hartuko dugu (Txiki Kopa CX-n izan ezik, urritik aurrera izaten baita): BTT eta errepideko eskolak, Udaberri Kopa, Mini Green Series eta interesgarria izan daitekeen beste edozein ekitaldi pribatu (ginkana, kronoeskaladak, etab.).

Eskolak nagusiki 9 edo 10 urtera arte emango dira, eta horietan trebetasunak, teknika eta oreka lantzeko jolasak egingo ditugu, ikaskuntza atsegina eta ahalik eta dibertigarriena izan dadin. 10 urtetik aurrera entrenamenduak gogorragoak izango dira, baina esfortzua ez da oso iraupen luzekoa izango.

Noiz izango dira entrenamenduak?

Entrenamenduak astearte eta ostegunetan izango dira, 17:00etatik 19:00etara, eta ordua aldatzen denean ordubete beranduago. Txapelketak, salbuespenak salbuespen, FEBICIk antolatuko ditu eta larunbatetan izango dira, goizez edo arratsaldez.

 

Entrenamenduen eta txapelketen plangintza egingo da, eta nahitaezkoa izango da bertaratzea, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez badago. 

Gustatuko litzaiguke eskolako kide guztiek konpromisoa hartzea planifikatutako ekitaldi guztietara bertaratzeko (monitoreak, ikasleak eta gurasoak).

Zenbat irauten dute entrenamenduek?

Entrenamenduek bi ordu inguru iraungo dute, programatutako jardueraren eta eguraldiaren arabera. Txikienen kategoriako entrenamenduak Lemoako ikastolako patioan edo mountain bike zirkuituan izango dira. Gainerako kategoriak Lemoako auzo-bideetan ibiliko dira.

Nork gidatuko ditu entrenamenduak?

Entrenamenduak Lemoa TEko bazkideek, monitoreek eta gurasoek (beren borondatez) gidatuko dituzte.

Zer eraman behar du ikasle bakoitzak?

Entrenamenduetara hauek eraman behar dira: martxak eta takodun pneumatikoak dituen mendiko bizikleta bat (egoera onean), kaskoa, ura, jateko zerbait (fruta edo fruitu lehorrak) eta Lemoa Txirrindulari Eskolaren ekipamendu ofiziala.

Garrantzitsua: bizikletek egoera mekaniko onean egon behar dute eta kaskoak txirrindulariaren neurrikoa izan behar du.

Zer kuota ordaindu behar da Eskolan parte hartzeko?

Haurraren guraso edo tutore arduraduna (adinez nagusia izan behar du) bazkide gisa sartuko da Elkartean.

Bestetik:

  • Haur bakoitzaren urteko kuota 150 € izango da.
  • Kuota horretan sartzen dira monitoreak, MB zirkuituaren gastuak, haurrak urte osoan erabiliko duen Elkarteko txirrindulari-arropa, errepideko bizikleta (ahal bada), FEBICIk antolatutako txapelketak, hainbat gairi buruzko hitzaldiak (entrenamenduak, elikadura…), etab.
  • Txirrindulari-arropa alokairu-kontzeptuan emango zaie haurrei, eta honako elementu hauek barne hartuko ditu: mahuka luzeko maillota, mahuka motzeko maillota, kulot motza, kulot luzea, zira eta kaskoa. Alokairua urteko kuotatik kenduko da (80 €), eta urtero haurrei arropa berria emango zaie, baldin eta hautsita badago, txikiegi geratu bazaie, etab. Arropa txirrindularitzarekin loturarik ez duen beste arrazoiren batengatik hausten bada, arropa berria ordaindu egin beharko da. Haurren batek arroparen bat galtzen badu ere, arropa berria ordaindu egin beharko da.
  • Elkarteak ahalegina egingo du haur bakoitzari errepideko bizikleta bat uzteko, FEBICIk antolatutako errepideko lasterketetara joan ahal izateko. Bizikleta bakoitzaren urteko alokairua 50 €-koa izango da, baina hori ere urteko kuotan sartzen da. Haur batek Elkartearen bizikleta bat erabiltzen badu entrenatzeko eta lehiatzeko, bizikleta horren mantentze-lanak eta konponketak haren gurasoek edo tutoreak ordaindu beharko dituzte. Urte amaieran, bizikleta jasotako egoera berean itzuli beharko da: garbi, koipeztatuta eta mantentze-lanak eginda.
  • Haurrak eskola uzten badu, arropa guztia itzuli beharko du eta hasita dagoen urteari dagokion zati proportzionala ordaindu beharko du. Elkarteak lehiatzeko bizikleta bat utzi badio, hori ere itzuli egin beharko du.

Necesitamos su consentimiento para cargar las traducciones

Utilizamos un servicio de terceros para traducir el contenido del sitio web que puede recopilar datos sobre su actividad. Por favor revise los detalles en la política de privacidad y acepte el servicio para ver las traducciones.